XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bapatean hartxintxar hotsa entzun zen zaldiaren ferra azpian eta berehala uraren zurrumurrua.

Pozez irrintzika, ur barruan zati batez Varonek arineketan segitu zuen... tupust egin eta ahiturik erori arte, belaunak okertuta.

Vaniak zaldi gainetik irrist egin zuen, uhaletik zaldiari heldu eta zutik jarri zuen.

- Eskerrik asko - esan zuen abots erlatsez -.

- Eskerrik asko, Varon.

- Micha ere lurreratua zen.

Uretan gerriraino sartuta zegoen, militar erara kapeluari eraginez.

- Errekontxo!- egin zuen oihu -. Zorte ona izan dugulakoan nago.

LERROAN zeharkatu zuten ibaia: Vaniak aurrean, Varon atzean uhaletik zeramala eta gero Michak.

Honek esku batez zaldiaren buztanari heldu eta besteaz kapeluari eusten zion.

Ibaiaren bestekaldean gelditu egin ziren.

Varon apurtuta zegoen.

Hegalak dardarka, arnas estuka eta itoka zebilen.

Vaniak uhalez eta zelaz berehala arindu zuen.

Gero belar eskukada bat erauzi zuen ibaiondotik eta larrua igurtzi zion.

Bitartean, hitz lasaigarriak ziotsazan: - Oso ondo ihardun zara, Varon.

Haizeak bezala egin duzu korrika.

Inongo beste zaldik ez zuen honelakorik egin, bi lagun gainean eramanda: harro egon zaitezke.